Euskadik eta Korsikak etorkizuneko lankidetzetarako kanal formal eta egonkor bat ezartzea adostu dute

Euskadi Córcega Lehendakari Urkullu

ñigo Urkullu lehendakariak eta Gilles Simeoni Korsikako presidenteak bilera izan dute gaur eguerdian, telematikoki, eta bertan lankidetza memorandum bat sinatu dute. Horri esker, Euskadiko eta Korsikako erakundeek aldebiko harremanen garapena bultzatu eta etorkizuneko lankidetzetarako oinarri komun bat eskaini ahal izango dute. Bileran izan dira, halaber, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Mikel Antón Europako Gaietarako zuzendaria.

Hitzarmenaren bitartez, bete egin da Euskadiko eta Korsikako gobernuen arteko konpromisoa, harremanetarako bide formal eta egonkor bat ezartzekoa, alegia; izan ere, bi erkidegoek lotura estuak eta nortasun kultural sendoa dituzte.

Alde horretatik, lehendakariak adierazi du pozik dagoela Frantziako Batzar Nazionalak korsikeraren eta euskararen alde hartu berri duen erabakiarekin, eta “urrats historikotzat” jo du erabakia. Izan ere, bere ustez, “inflexio-puntu bat da erabaki hori, gure hizkuntza, hezkuntza, nortasuna eta kultura biziberritzeko, Europak bere aniztasuna aktibotzat hartzen du eta”.

Azaldu duenez, Korsikak eta Euskadik etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna erakutsi dute historian zehar, sustrai historiko eta kultural sakonei eutsiz, eta erakundeen lankidetzaren eta “gure autogobernua” bultzatzearen aldeko apustua egin dute.

“Memorandum honek bide bat irekitzen du, gure herrien ongizatea hobetzeko, Europa berri bat eraikitzeko partekatzen dugun proiektuaren esparruan”, esan du amaitzeko.

 

Memoranduma

Gaur izenpetutako hitzarmenak hasiera batean bost urteko indarraldia du eta proiektu eta ekimen bateratuak bultzatzeko lan esparru batzuk identifikatzen ditu, hala nola:

Euskararen eta korsikeraren hizkuntza-normalizaziorako politikak, bereziki hizkuntza horien ezagutza, biziberritzea eta erabilera bultzatzeko.

Kanpoan bizi den diasporarekin edo kolektibitatearekin harremanak eta loturak izateko politikak, bereziki, interkonexioa ahalbidetzen eta errazten duten egiturak, komunikazio-kanalak, tresnak edo erregulazioak partekatuz.

Europako gaien esparruko lankidetza, Europar Batasuneko gobernantza- eta erabakitze-prozesuetan gure erakundeak gehiago kontuan har daitezela eskatzeko.

Hemendik aurrera, Euskadik, besteak beste, Flandriarekin, Bavariarekin, Quebecekin edo Jiangsurekin dituen harreman estrategikoen sarean sartu da Korsika.

HEMEN INFORMAZIO GEHIAGO