Guadi Galegok Estatuko Errealitate Eleanitza Sustatzeko saria jasoko du

guadi galego

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako, Kataluniako, Galiziako, Valentziako eta Balear Uharteetako exekutiboekin batera, artista galiziarrari emango dio saria, ‘Inmersión’ bere azken lanean eleaniztasuna sustatzeagatik.

BILBO. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako, Kataluniako, Galiziako, Valentziako eta Balear Uharteetako gobernuekin batera, Guadi Galego artistari emango dio Espainiako Estatuko Errealitate Eleanitza Sustatzeko Saria datorren otsailaren 20an. Sei gobernuek joan den azaroaren 20an hartu zuten erabaki hori, Bilbon bildu zirenean hizkuntza politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordearen ohiko bileran.

2008an UNESCOk sustatutako Hizkuntzen Nazioarteko Urtea dela-eta ezarritako sari honek aitortzen du Espainiako hizkuntza-aniztasunaren defentsan eta sustapenean pertsonek, erakundeek edo enpresek egindako lana, bai eta gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizialak zabaltzen egindako ekarpena ere. Aurreko edizioetan Microsoft edo Eroski bezalako enpresei eman zaio, gobernuek pertsona partikular bati ematea erabakitzen duten lehen aldia da, kasu honetan, Galiziako musikaren esparruan proiekzioa eta ospe handia duen artista bati eman zaiolarik. Inmersion Iberiar Penintsulako zazpi hizkuntzatan abestutako musikek osatzen dute (euskara, galiziera, katalana eta gaztelania, baita portugesa, aranera eta asturiera ere), eta komunitate ezberdinetako artistek kolaboratu dute.

Saria emateko ekitaldia Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan egingo da, eta sei gobernuetako arduradun instituzionalek hartuko dute parte: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Mikel Arregi, Euskarabidea/Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari kudeatzailea; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Valentín García, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Rubén Trenzano, Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikarako eta Eleaniztasunaren Kudeaketarako zuzendari nagusia; eta Agustina Vilaret eta Beatriu Defior, Unibertsitate, Ikerketa eta Hizkuntza Politikako idazkaria eta Kataluniako Gobernuko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, hurrenez hurren.


Kontzertua Callaon

Banaketa ekitaldiaren ondoren, egun horretan bertan, Unescok bultzatutako Ama-Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren bezperan, sei gobernuek artista galiziarraren kontzertua antolatu dute Callao City Lights/Cines Callao aretoan, 20.00etan. Ekitaldian, besteak beste, Mikel Urdangarin artista euskaldunak, Alidé Sans eta Clara Peya katalanek eta Vega kordobarrak hartuko dute parte. Sarrera librea eta doakoa da aretoa bete arte, baina ezinbestekoa da gonbidapenak aldez aurretik baieztatu eta erretiratzea bihartik aurrera,

https://www.eventbrite.es/webgunean

Iturria: DEIA