Georgian zabalduko den euskara eta euskal kulturarako gune berrian irakasle izan nahi duzu?

UNIBER GEORGIA

Etxepare Euskal Institutuak Tbilisi State Universityn irekiko den zentroan lan egiteko aukera ematen du datorren ikasturtera begira

Zure ametsa atzerrian eskolak ematea bada, jarraitu irakurtzen. Etxepare Euskal Institutuak Georgiako unibertsitate batean irakasle izateko aukera luzatu du datorren 2021-2022 ikasturtera begira. Izan ere, bertako Ivane Javakhishvili Tbilisi State Universityk euskara eta euskal kulturako gune berria zabalduko du datorren otsailean. Aurrera pausu hori pasa den irailean zentroak euskal entitatearekin sinatutako hitzarmen baten ondorioa da. Irakurlea hautatzeko deialdia datorren 17an luzatuko du Etxeparek.

Irakasleak lanaldi osoko ordukako kontratua izango du, hau da, asteko 15 ordu arteko jardun akademikoak izango ditu. Hasierako epea 2021eko otsailean dago finkatuta eta 2022ko abuztuan amaitzea aurreikusten dute Etxeparetik. Halere, eta hala badagokio, luzatzeko aukera badagoela ere adierazi dute bertatik. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari. Hori bai, urteroko berritzea Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta egongo da betiere.

Lanpostua lortzeko ondorengo baldintzak bete beharko dituzte hautagaiek: unibertsitateko graduko titulua izan beharko dute gizarte zientzietan edo letretan. Esaterako, Euskal Filologian, Euskal Ikasketan edo Itzulpengintza. Halaber, euskarazko C1 edo 3H maila izatea ere eskatzen da.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Irakaslea Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan dituen irakurletza sareko parte izatera pasako da. Guztira 30 irakurlek osatzen dute sarea, nazioartean sakabanatuta dauden 35 unibertsitate ezberdinetan.

Irene Lazarrak, Etxepareko zuzendaria denak, eginiko adierazpen batzuen arabera, Kaukasoko herrialde horrek eta euskal kulturak «harreman handia» dute, baita linguistikoki ere. Horregatik Larrazak uste du «oso gune emankorra» izango dela, hango ikasleen aldetik «interes handia piztuko duena» eta «zubi-lana» egingo duena euskal eta georgiar kulturen arteko «harremanak sendotu ditzagun».