Lehendakariak, Ibone Bengoetxea, Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuarekin batera, harrera egin die Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko antolatzaileei eta parte-hartzaileei, Lehendakaritzan egin den ekitaldian. Kultura, tradizioa eta nortasuna izan dira harreraren ardatz nagusiak.
Imanol Pradalesek honela hasi du hitzaldia: “Kulturarik gabeko herria arimarik gabeko herria da, kulturarik gabe noraezean ibiliko ginateke, galduta; herri bezala ez genuke inolako etorkizunik izango”.
Pradalesek baieztapen hori tradizioak eta kulturak beretzat adierazten dutenarekin lotu nahi izan du. Tradizioa “nor garen inoiz ere ez ahazteko mantentzen ditugun jokabideak” bezala, eta kultura – azpimarratu du- “identitate-zentzuaren transmisore bezala, Komunitate baten parte izaten laguntzen diguna eta gero eta globalizatuagoa den mundu batean aterpe bat eskaintzen diguna”.
Horrela, Lehendakariak Jaialdiaren balioa nabarmendu du, munduko leku guztietako taldeek Portugaleten bat egin dezaten ahalbidetzeagatik, “kolorea ekarri eta gure kulturen arteko zubiak eraikitzeko aukera ematen diguzuen pertsonak”, adierazi du. Gainera, Jaialdian parte hartu duten pertsonei zuzendutako hitz horietan, Imanol Pradalesek Euskadiren enbaxadore bihurtzeko desioa adierazi die, “munduan ezagutua eta aitortua izan dadin”.
Pradalesek Elai Alai kultur elkarteari, Jaialdiaren sustatzaileari, ere zuzendu da hitzaldian. Elkarte horretako kideei eskerrak eman nahi izan dizkie Euskadin mundu osoko kulturak biltzeko eta gure kultura munduan zehar zabaltzen laguntzeko egindako ahaleginagatik. “Dantza eta musikaren bidez, Herrien arteko zubigintza eraikitzen duzue, eta, gaur egun, horrelako jarrerak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Gaur, ozen eta harrotasunez esan dezakegu katea ez dela eten eta, zuei esker, argi dugula ez dela etengo”, baieztatu du.
- Elai Alai Jaialdia bultzatu duen kultur elkartearen gainean azpimarratu duenez, “gaur, ozen eta harrotasunez esan dezakegu katea ez dela eten eta, zuei esker, argi dugu ez dela etengo”